Esmalteko hipoplasia, zer da?

Nabaritu al duzu inoiz zure hortzetan edo zure seme-alabenetan koxka txikirik, zimurrik edo kolore-aldaketarik? Lehen begiradan arazo estetiko hutsa dirudien arren, esmaltearen hipoplasia izan daiteke.
Asaldura honek hortza babesten duen gainazaleko geruzari eragiten dio, eta dirudiena baina askoz ohikoagoa da. Jarraian zertan datzan, nola identifikatzen den eta tratatu ahal izateko zein aukera dauden azaltzen dizugu.
Zer da zehazki esmaltearen hipoplasia?
Hipoplasia hortzaren garapenean gertatzen den asaldura bat da, non esmaltea ohikoa baino kantitate txikiagoan edo behar bezala sortzen ez den. Ondorioz, hortza, babes geruza akastun, fin edo osatugabearekin hazten da.

Asaldura hau, hortz-garapenean zehar ematen da, hau da, hortzoi barruan hortza sortzen ari den bitartean. Hortaz, anomalia hortza aho-barrunbera atera aurretik agertzen da. Kontutan hartu behar da, behin-behineko hortzeriari (esnezko hortzak) zein behin-betiko hortzeriari eragin ahal diola. Gainera, ohikoa izan ohi da ebakortz zein haginetan; kasu honetan, hagin-ebakortzen hipomineralizazio moduan ezagutzen da (HMI gaztelaniaz, hipomineralizacion molar-incisiva).
Identifikatzeko zeinu eta sintoma nagusiak
Hasiera batean asaldura honen diagnostikoa zaila izan badaiteke ere, hortzaren gainazaleko zenbait zeinuk erraztu ahal dezakete.
1. Hortzaren kolore aldaketak: tonu zurixka, horixka edo kafe itxurako orbainak agertzea.
2. Testura aldaketak: puntuak, pitzadurak, ildoak edo hortzaren zenbait sakonune.
3. Higadura nabarmenak: esmaltea ohi baino meheagoa izanik, barne geruzen bistaratzea.
4. Hipersentikortasuna: ondoeza edari edo elikagai oso hotzak, beroak edo azukredunak kontsumitzean.
5. Txantxar prebalentzia altuagoa: adin goiztiarrean txantxarra garatzeko arrisku handiagoa.
Zergatik garatzen da anomalia hau?
Esmalte edo enamelaren garapena, prozesu sentikorra da, non hainbat faktoreek eragin edo eten dezaketen haurdunaldi edo haurtzaroko lehen urteetan.
1. Genetika: familian transmititutako sortzetiko asaldurak.
2. Kolpe edo traumatismoak: behin-behineko hortzerian jasandako kolpeek, hortz-hagin iraunkorren kaltea eragin dezakete.
3. Nutrizio-gabeziak: funtsezko mantenugaien falta hazkuntza-garaian, hala nola, kaltzioa edo eta A, C eta D bitaminak (D bitaminaren gabezia ohikoa izan ohi da haurdunaldian zehar).
4. Sukar-altuak edo zenbait infekzio: bizitzako lehen urteetan zehar sukar-koadro larri edo jarraituak.
5. Farmakoen erabilera: zenbait antibiotikoen erabilera adin goiztiarretan.
6. Kanpoko eragileak eta toxinak: fluor (fluorosia) edo metalen (burdina) gehiegizko esposizioa.
Beharrezkoa al da tratatzea edo soilik asaldura estetikoa da?
Hipoplasia tratatzea funtsezkoa da epe luzeko aho-hortzen osasunerako. Esmaltea higatuta edo ahulduta dagoenean, hortzak babes-geruza nagusia galtzen du, eta horrek honako ondorio hauek sortu ditzake:
1. Eboluzio azkarreko txantxarra
2. Kolpe edo traumatismo arinen ondoriozko hortzen hausturak
3. Hipersentikortasunaren ondoriozko ondoeza
4. Hortzen galera goiztiarraren ondoriozko lerrokatze zuzenaren galera
Haurren kasuan, mina agertu aurretik, lehen hortza agertzean, odontopediatrara joateak konplikazioak prebenitzea ahalbidetzen du.
Konponbide eta tratamenduak
Tratamendu egokiena lesio mailaren, pazientearen adinaren eta kaltetutako hortza behin-behinekoa edo behin-betikoa den araberakoa izango da.
1. Fluorra eta zigilatzaileak: hasierako faseetan, babeserako erretxinak aplikatzen dira plaka eta bakterioen metaketa blokeatzeko, horrela, fluorizazioarekin konbinatuta, esmaltea indartuz.
2. Zaharberritzeak (erretxinak): behin-behineko zein behin-betiko hortzerian erabiltzen da kaltetutako eremuak berreraikitzeko, horrela, hortzaren forma (anatomia) berreskuratuz.
3. Zeramikazko inkrustazioak: hortzen kaltea handiagoa den kasuetan erabiltzen dira, zeramika bitartez hortzari erresistentzia handiagoa emanez eta estetika berreskuratuz.
4. Koroak: esmalte-galera larria den kasuetan erabiltzen dira hortza erabat estali eta babestu ahal izateko.
5. Hortzen zuriketa: asaldurak soilik, arazo estetiko edo gainazaleko orbana eragin duen kasuetan erabiltzen da, hau da, egitura konpromezurik ez dagoen kasuetan. Horrela, irribarrearen tonu orokorra berreskuratzea lortzen da.
Azken aholku bat…
Zure edo seme-alaben hortzetan, testura edo kolore anomaliaren bat nabaritzen baduzu, ez utzi pasatzen. Garaiz berrikusiz gero, etorkizuneko tratamendu konplexuak saihestu ditzakezu. Kontsultatu zure konfiantzazko dentistarekin zure esmaltearen egoera ebaluatzeko!

Comments